Katolizismoa Espainiako erlijiorik hedatuena da alde handiz. CISek egindako ikerketa baten arabera, 2023an espainiarren %56ak bere burua katolikotzat zuen (%18,5 katoliko praktikantea eta %37,5 ez praktikantea), %2,7ak beste erlijiokotzat (nagusiak islama, protestantismoa eta budismoa izanda) eta %39,8ak sinesgabe, ateo edo agnostikotzat.[1] Edonola ere, espainiar gehienak ez dira praktikatzaileak. Ikerketa beraren arabera, bere burua erlijiosotzat dutenen artean %50,2a ez da inoiz edo ia inoiz mezara joaten, %21,3a urtean zenbait alditan, %9a hilabetean zenbait alditan, %13,7a igandero eta jaiegunetan eta %4,8 astean hainbat alditan.[1]
Espainiar gehiengoa katolikoa bada ere, gehienek eta, batez ere, gazteenek ez dute Elizaren doktrina aintzat hartzen, adibidez ezkondu aurreko harremanak, sexu-joera edo kontrazepzio gaietan.[2][3] Era berean, parrokoen kopurua gutxitu egin da: 1975ean 24.300 eta 2005ean 19.307 ziren.[4]